XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emartzelepoko harribakarra

(855 m) - Aldude (104. argazkia).

Izen bereko lepoan dago.

Arras guti ageri zen hurbil-hurbila dagoen Argibele menditik lerratutako harrieria guk geuk garbitu aitzin.

3,80 m luze neurtzen du eta EMrako ardatzari buruz jarria da.

Eta iduriz, ez da zutik emana izan...

Ustezko pisua: 5 tonatik gora.

Argibeleko harrespilak

(940 m) - Aldude (105. argazkia).

Lau harrespileko multzo bat da (bi baizik ez dira ageri), artzain bidearen gaineko aldean dagoen goragune batean, 126. mugarritik 100 metrotan HMra.

Indusketa basatien ondorioz, gainekoz azpi emanak izan dira.

Argibeleko harribakarra

(945 m) - Aldude (106. argazkia).

Argibele mendia Itik eta Peña Alba Htik bereizten dituen lepoan etzanik dago harribakar hori.

Gres arrosazko harlauza zabal bat da, baldarki triangeluarra eta 4,60 m luzekoa.

Ustezko pisua: 5,500 t.

IMko hegiaren bi herenak gogorki ezpalkatuak dauzka, IE, muturra zorrozteko xedez.

Hortik hurbil hurbila iturriño bat bada.

Zahoko tumulu-harrespilak

(990 m) - Aldude (107. eta 108. argazkiak).

Peña Albako Eko mazelaren zelaixka batean eraikiak dira hiru tumulu-harrespil horiek.

Mugak bereizten ditu, 126. eta 127. mugarrien artean eta ondorioz, Zaho 1. Iruritakoa da eta Zaho 2 eta 3 Aldudekoak dira.

Salbapen azterketa bat egina izan da Zaho 2n, 1983an; harlauza handiz eginiko koroa periferiko bat agerian emana izan zen, gres blokez eginiko barne harresi batez doblatua zena.

Blokeak, lekuaren arabera, ilara bat edo bitan jarriak daude.

Eta gero, tartean dago zirkulu bat egitura berekoa.

18. irudia - Zaho 2ko tumulu-harrespila (planoa): erdialdeko harrikutxa ttipia, egur-ikatz meta bat Ekialdeko erdian daukalarik.